Denok dakigu zer onura dituzten irakurketak eta literaturak, atsegin emateaz gainera.
Literaturak funtsezko rol kulturala betetzen du gizartean. Literaturaren bitartez, gizartearen aniztasunari eta konplexutasunari buruz, psikologiari buruz eta besteen jokabideari buruz ikasten dugu, oro har.
Literatura ikastearen ondoriozko onura agerikoena hizkuntza menderatzea da; hizkuntza zein ahaltsua izan litekeen erakusten digu.
Literaturarekin, halaber, enpatia garatzen da. Geureez bestelako ezagutzei, sinesmenei eta esperientziei buruz irakurtzen dugunean zabaldu egiten dugu burua.
Literatura ikasteak galdera hauei erantzutea era badakar: Zergatik idazketa? Zergatik irakurketa? Zergatik liburua? Erantzun guztiak bakar batean laburtu litezke: ezjakintasunari aurre egitea. Idazketa, irakurketa, liburuak… ezinbesteko armak dira gizabanako gisa eta gizartearen parte gisa zer garen jabetzeko eta espiritu kritikoa osatzeko, eta hori funtsezkoa da, orobat, bilakaera kulturalerako.
Ikastaroaren deskribapena:
Eskoletan zehar literaturaren joera eta mugimendu artistikoak ikusiko ditugu, eta garai bakoitzeko egoera historiko eta sozialen ikuspegi orokorra azalduko dugu.
Literaturaren mugimenduak, egileak eta lanak ezagutuko ditugu, sortu zenetik XXI. mendea arte. Ikasturte hau 98ko Belaunaldiarekin hasiko da, eta ordena kronologikoan jarraituko dugu XX. mendean zehar.
Modu didaktiko eta erakargarrian aztertuko ditugu literaturako mugimendu handiak, egile handiak eta lan giltzarriak. Literatura hobeto ezagutzea eta, batez ere, hartaz gozatzea da helburua.
Ardatz nagusia Espainiako literatura izango da, baina literatura unibertsaleko joerak eta egileak ere aztertuko ditugu: adibidez, XX. mendean Abangoardiak, Belaunaldi Galdua, Latinoamerikako Booma… ezagutuko ditugu.
Tailerra, bestalde, ikuspegi praktiko eta dinamiko baten bitartez proposatzen da, garai horietako pasarte adierazgarriak irakurriko baititugu. Eta testu horien azterketa funtsezko alderdietako bat izango da.
Tailerrak parte teoriko bat ere du, ikus-entzunezko dokumenturen batean oinarritua, eta beste parte praktiko bat, egilearen testu adierazgarrienen irakurketa iruzkinduarekin. Testuak fotokopietan emango ditugu, eta ikasgelan irakurriko ditugu.
Eskolek bi orduko iraupena izango dute, eta 10 minutuko etenaldi bat egingo da. Urritik maiatzera bitartean egingo da (biak barne), hamabostean behin.
Arduraduna: José Ramón Varela Cousillas